XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Karibeko puntu kulunkari batetik gogorapen zaharrak lurruntzen ziren.

Joxemik ez zuen bista uretatik alderatzen.

- Nire amonaren bi anaiak Nevada-n ziaudek, hor nonbait iparraldera.

Zaharrena 1920an irten huen honuntza, diruzale amorratua omen huen, lurrak erosi omen zizkian eta zerri hutsa bilakatu huen.

Bestea bost urte beranduago etorri huen, ilegal, legez itxi bait zen inmigrazioa, bestaldera joan eta handik etorri huen; hau beti ibili izan duk batetik bestera, artalde tikiekin, mendirik mendi; artzai arloteak deitzen omen zietek amerikanoek horrela ibiltzen direnei; orain Elko-n bizi duk, erdi-india batekin esposatu huen eta urtean behin bere bertso batzuk bidaltzen zizkiguk, ez dik gizajoak itzultzeko esperantzarik galdu: Jinko-Jaunak emaiten badit neri behar den indarra, duda gabe ikusiren dut nere sort-leku xaharra.

Horrela mintzo duk, frantsesen moldean, beti horiekin dabilela-ta.

Pobre duk ordea, zaharra, ez duk etorriko hori.

Bestea Winnemucca-n bizi duk, zerria.

Ez diat bat ere maite, hori; lepotik heldu eta...

Joxemik Luisi heldu zion atorraren lepotik eta uretara botatzearen imintzioak egin zituen.

Luisek axut! eginik erreakzionatu zuen eta biak erori ziren jira-bueltaka.

Joxemi handiago zen, baina Luis indartsuago, aparte salbaje samarra.

Dena den Joxemik zapatila bat galtzearekin bukatu zen kalapita.

Zutitutakoan, Luisek galtzetako hautsa astintzen zuelarik komentatu zuen: - Hiri, demonio horri, Brasilen neska bat bilatu beharko zaik!

Joxemik bista piska bat altxatuz erantzun zion: - Euskaldunekin bastante zeukeat, neskatan!